Busturialdeko komarka hogei herri ezberdinez osatuta dago, hauen artean Nabarniz, eta guztiek natura espazio berezi eta bakarra osatzen dute. Ikaragarrizko dibertsitate ekologikoa eta paisaia izugarriak ezkutatzen dituen Bizkaia barneko altxorra.

Paisaia berezi honetan ekosistema eta fauna zein flora espezie jakinak elkarbizitzan diraute, eta hori dela eta, UNESCOk, Urdaibai Biosferaren Erreserba eta Giza Ondare izendatu zuen 1984. urtean, bere garrantzia azpimarratzeko eta baita bere zaintzea bermatzeko ere.

Biosferaren gotorleku

Koartza hauskara, ubarroia, txenada… Iberiar Penintsula osoan begiztatzen zailak diren hegaztiak dira. Urdaibain ordea beraien lekua aurkitu dute, bai eta beste hamaika espeziek ere. Hegaztien eta euren migrazio prozesuen zein bizilekuen ikerketa eta dibulgazio zientifikoa oinarri harturik, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren bihotzean dago Urdaibai Bird Center zentroa. Padurako behatokietatik bisitariek ikertzaileen lana gertu-gertutik ezagutu ahalko dute.

Euskal Herriko Biodibertsitateari buruz heztea du helburu Madariaga dorretxeak. Busturiko San Bartolome auzunean kokatua (Gernika-Lumo eta Bermeo artean), gizakiari biodibertsitateak ematen dizkion onurak azaltzea du helburu, eta espezien galerak ekarriko lituzkeen ondorioei buruz informatzen dute. Horretarako esposizio iraunkor bat eta aldizkako erakusketak izaten ditu. Gainera behatoki funtzioa ere betetzen du, marismaren ikuspegi zabalarekin.

Urdaibain aurkitu daitezkeen animalia espezietariko asko galtze egoeran aurkitzen dira tamalez. Egoera horri bira eman nahian Basondoko babeslekua aurkitzen da, non bertako espezieak ikusi daitezkeen (basurde eta azeriak adibidez) bai eta jada inguruotan bizi ez diren animalia arraroagoak ere (otsoak, bisonteak, katamotzak…).

Urdaibai Bird Center (Gautegiz Arteaga)
Madariaga Dorretxea, Euskadiko Biodibertsitate Zentroa (Busturia)
Basondo Babeslekua, Urdaibai (Kortezubi)
Baso biziduna Oma auzoa

Artea, natura eta historia

Kortezubiko Oma auzoak inguru xarmagarria gordetzen du ezkutuan: Baso biziduna, hain zuzen. Agustin Ibarrola eskultore eta margolari bilbotarrak 1984an sortu zuen sorgindutako baso hau.

Artearen eta naturaren arteko harreman berria ezarriz, hainbat pinu eta harkaitz margotu eta bizia emanda baso magiko bat sortu zuen.

Artistak Paleolito garaiko ehiztarien labar-margoak eta Land Art izenekoa (margolan baten mihisea bailitzan, ingurune naturala oinarritzat hartzen duen arte mugimendua) uztartu zituen.

Oma, baso biziduna (Kortezubi)
Oma, baso biziduna (Kortezubi)
Ogoño lurmuturra Lagako hondartza

Aisia eta kirola

Surfa Busturialdeko kostetan tradizio handia duen kirola da eta horren arrazoietako bat kirol hau praktikatzeko bertako hondartzen egoera bikaina da.

Urdaibaiko Biosfera Erreserban bertan eta Ogoño lurmuturraren alboan kokatuta dago Lagako hondartza, Ibarrangeluko udalerrian. Bizkaiko kostaldeko hareatzarik ederrenetakoa dugu. Urre koloreko harea meheko dunek eta olatuek osatzen dute hango paisaia.

Laidako hondartzak ere duna ikusgarriak ditu baina bere berezitasunak gune bi desberdin ditu: barrualdeko gunean, olatuak txikiak dira eta itsasadar barneko korronteak dira nagusi; kanpoaldeko gunean berriz, olatuak dira protagonista.

Bi hondartzetan uretako beste zenbait kirol egiteko aukera ere badago, bela eta piraguismoa, esaterako. Uretako kirolak motz geratzen zaizkienentzat ere badago aukerarik, Ogoñotik parapentean salto egiteko aukera, adibidez.

Ezin ahaztu dezakegu euskal surfa mundu mailara eman duen fenomenoa: Mundakako olatua. Bertako portuen barra surflarien Meka bilakatu da ezker ola famatuagatik.

Laidako hondartza (Ibarrangelu)
Mundakako ezker olatua (Mundaka)
Bakearen hiria Gernika-Lumo

Euskal kulturaren lekuko

Urdaibairen bihotzean, Gernika-Lumo euskal kulturaren ereduetariko bat dugu. Bertako Batzar-etxea Bizkaiko erakunde ofizial gorenaren egoitza dugu eta Arbola mitikoaren ondoan eraiki zuten, euskal herritar guztion ikur eta, Erdi Arotik, Bizkaiko Jaurerriko batzarkideen bilgune den haritzaren ondoan, hain zuzen. Herri berberean aurkitzen dugun Euskal Herria Museoan, Euskal Herriko historia, kultura eta legeak eskaintzen zaizkie bisitariei, urteen poderioz Euskal Herriak eta euskaldunok jasan ditugun aldaketen lekuko izan daitezen. Bakearen Museoa bisitatu beharreko beste leku bat dugu, bake-kulturaren oinarrizko ideiak eta Gernika-Lumoren historiarekin izan duen eta daukan zerikusia kontserbatu, erakutsi, zabaldu eta ikertzea helburu duena.

Euskal Herriak beti izan du arrantzarekin lotura estua, eta horren erakusle dugu, besteak beste, Elantxobeko portua.

Urdaibai ehundaka altxor ezkutatzen dituen paraje ezin hobea dugu beraiek aurkitzeko denbora hartzen duenarentzat.

Gernika-Lumo (Eria)
Elantxobe (Bizkaia)
Erreserbatu mahaia T+ 94 625 05 58